2017/04/22 BETERANOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA HERNANIKO AZERI ZAHARRAK-GAZTEDIKO BETS
Hernani CRErentzat
asteburu bikaina izan denari, lehenengo taldeak Ohorezko Mailari eustea lortu
baitu, ederki hasi zuen AzeriZarren taldeak.
Norgehiagoka
polita eduki zuen larunbat arratsaldean Gaztedi Betsen aurka. Topaketari kalifikatzaile bat jartzekotan, beroa izan zela esan daiteke.
Beroa, eguraldia
halakoa izan zelako. Horretan, etxekoek laguntza ederra eduki zuten urketari
lanetarako beren borondatez prestatu ziren neska-mutikoen aldetik. Une oro
haiengandik jasotako arretak partidan sortutako lehorraldia arintzen lagundu
zien jokalariei.
Beroa, baita ere
partida amaieran eta epaile lanetan aritu ziren hiru gazteek, sub-14ko
jokalariak, jaso zuten txalo zaparrada. Bi taldeek eskertu zieten egindako lan
txukuna eta jardunaldi amaieran ere izan ziren haienganako aintzatespen hitzak.
Beroa, jokoa ere
halakoa izan zelako. Gogorra, alegia, baina erabateko kiroltasunez lehiatua.
Aurretik espero zen bezala, talde indartsua topatu zuten azeriek. Jende sasoitsua,
ondo kokatua, jokatzen zekiena… Alabaina, itxura batean gasteiztarrak
nagusituko baziren ere, hernaniarrek ondo baliatu zituzten beren aukerak eta
markagailuan tartea ireki zuten. Defentsa-lan ona eta joko irekian baloia
zabaltzea izan ziren 25-15eko garaipena eskuratzeko gako nagusiak.
Beroa, hirugarren
denboran azaleratu zen lagunarteko giroa bezalakoa. Berriz elkar ikusteko gogoa
partekatu zuten bi taldeak eta daitekeena da denboraldia amaitu aurretik, ekainean
bertan, bisita itzultzea.