Zer nolako asteburua bizitu genuen!
Askotan esaten da gertakariren bat
“historikoa” izan dela, ba bat izatekotan asteburu hau halakoxea izan zen,
hainbat arrazoirengatik.
Azeri Zaharrontzat lehenengo aldia izan da kanpora atera garena. Orain artean partida gehienak gure inguruan
jokatu ditugu; urrutien Iruñera joan izan gara. Oraingoan ordea bartzelonarrei
birritan egin diguten bisita itzultzea tokatzen zitzaigun. Iazko denboraldian
saiakera egin genuen, baina bertan behera geratu zen. Asmoa denboraldi honetarako utzi genuen.
Eta ideia horri bueltaka genbiltzala FERren egutegiak jarri zigun aukera
paregabea: Ohorezko Mailako Barcelona FC - Hernani CRE partida urriaren 1ean.
Oraingoan ez zegoen huts egiterik! Halako data berezietan Bartzelonan egoteko
abagunea baliatu beharra zegoen.
Ilusio izugarriaz prestatu genuen bidaia. Alabaina, guk jokatu beharreko
partidaren ordua eta zelaia zehazterakoan sortu ziren eragozpen batzuen
ondorioz, biren arteko topaketa izango zena Cornellára eraman genuen, haiekin batera
triangeluarra jokatzeko.
Lehengo denbora etxekoen aurka jokatu genuen. Lehia gogorraren ostean, 10-10
bukatu genuen. Hasieran nahiko lan eduki genuen haiek dituzten arauetara
egokitzen, bereziki baloiarekin 20 metro baino gehiagoko korrikaldiak egiteko
debekuarekin.
Bigarren neurketa jokatu aurretik, itxarotea egokitu zitzaigun eta horrek
askorengan giharrak moteltzea eta azken denboran karranpak agertzea eragin
zuen. Hala ere, 10-5 nagusitzeko gai izan ginen.
Aipagarria izan zen epailearen lana, epaile izan gabe ahalegin handia egin
baitzuen eta jokabide bikaina eduki beteranoon jokamoldeetara egokitzeko;
horretan lagundu zuen lehiakideen artean nagusitu zen kiroltasunak.
Azeri Zaharron aldetik azpimarratzekoa eta oso eskertzekoa izan zen
harmailetatik iritsi zitzaigun berotasuna. Ez da erreza etxetik aparte halako
animoak jasotzea. Polita izan zen amaieran Kataluniak bizi duen une
historikoarekin bat eginez pankarta atzean eta kantu hotsez animatuta hara
joandako hernaniar guztiok batera ateratako argazkia. Bertako asko hurbildu zen,
korrika, argazkiak atera eta une hunkigarria bideoz grabatzera.
Eta jakina, hirugarren denbora oparoarekin batera etorri ziren une zirraragarri
gehiago: taldeen arteko kidetasun mezuak, goraipamenak, opari eta oroigarriak...
eta azkenik, elkarri eskainitako abestiak, eukaraz eta katalanez. Lehengo aldia
izan da Azeri Zaharrok kantuan aritzeko ekimena hartzen duguna. Une horretarako
jantzi genituen estreinakoz taldearen polo berriak.
Beraz, gure taldearentzat mugarri izan diren hainbat uneren ondoren, hala
Cornellákoekin nola Bartzelonakoekin, berriro elkartzeko asmo onak berretsi
genituen.
Eta gero, gerokoak; batzuentzat laburragoak, hurrengo egunean goiz
jaikitzeko, besteentzat luzeagoak edo baita etengabekoak ere. Guztiok arnastu
nahi izan genuen bertatik bertara “procés” delakoaren aire pixka bat.
Eguerdirako, lehen taldeen arteko lehia ikusteko, zain geneuzkan
Barcelonako FCeko lagunak euren “grada ácidan”, pintxo eta garagardoekin.
Sagardoa ere prestatu ziguten, hain zuzen ere, guk haientzako opari gisa eramandakoa,
Azeri Zaharrak markakoa, bere etiketa dotore eta guzti. Hau ere, berrikuntza
izan da.
Sagardo hori okasio baterako gordetzeko esan genien eta haiek okasioa
huraxe zela erantzun. Esaldi hau izan liteke bizitu dugun anaitasun giroaren
lekuko. Guretzat ere asteburu osoa izan baitzen okasio berezia, historikoa.
Cornelláko eta Bartzelonako gure lagunei eta, haiekin batera, Kataluniako herri osoari hoberena opaz egin
genuen topa!!!