Egun oso
bereziaren barruan kokatu behar dugu AzeriZaharren azken partida: Durango Rugby
Taldearen 30. urteurrenaren ospakizuna.
2017(e)ko maiatzaren 31(a), asteazkena
2017(e)ko maiatzaren 24(a), asteazkena
Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 27an izango da, Durangon.
Ilusio handiz hartu genuen Durangoko Sapu Zaharrek luzatu ziguten gonbidapena: maiatzaren 27an euren elkartearen 30. urteurrena ospatzeko prestatu duten jaialdiaren baitan jokatzea. Beraz, errugbiaren jai aparta izango delakoan gaude. Izan ere, bi elkarteetako kategoria guztietako taldeek jokatuko dugu egun osoan zehar. Guztira hamar partida izango dira eta, jakina, haien ondorengo hirugarren denborak ere bai.
Azeri Zaharrok eta Sapu Zaharrek ez dugu elkar ezagutzen, lehenengo aldia izango baita jokatuko duguna. Baina ziur gaude egun paregabea pasatuko dugula, lagunartean.
2017(e)ko maiatzaren 8(a), astelehena
AZERI
ZAHARREN OILAGOR JATEA
Luxuzko larunbata igaro genuen Azeri Zaharrok oilagor jatearen bueltan. Taldeko ehiztaria, Angel, aspalditxotik esaten ari zitzaigun oilagorrak bazeuzkala eta otordu bat antola zitekeela. Aipagarria bere eskuzabaltasuna. Alabaina, hasieraz koxka bat gainditu beharra zegoen, hegaztiak lumatzea, eta ondoren bestea, haiek prestatzea.
Osteguneko entrenamendua laburxeagoa egin genuen, bakoitzak bere oilagorra lumatzeko. Lehenengo koxka gainditua. Bigarrena hastera zihoan, ordea, mimo handiz egin beharreko lana: banan bana errepasatu, garbitu, lotu, kazolarako prestatu, saltsa maneatu… ordutako eta hiru egunetan tarte batzuk eskaini beharreko lana. Emaitza bikaina, ezin hobea!! Ederki gozatu genuen hain gutxitan dastatzeko aukera izaten den jaki apartarekin. Batzuk inoiz probatu gabea zuten. Gibel-errai eta foiez hornitutako ogi txigortuaz lagundutako oilagorra saltsan.
Ez zen ordea bazkariko plater bakarra izan, aurretik gari-zainzuridun eta almejadun saltsa-berdeaz loditutako arroz krematsua jateko aukera eduki genuen. Aurrekoaren pareko platera izan zen hau ere eta taldeko sukaldariak, Pello, berriro ere maila gaindiezina eman zuen.
Amaitzeko, marrubiak oinarri zituen fruta-mazedonia ederki sartu zen, barruak pixka bat freskatzeko. Eta jakina, hau guztia pasatzeko taldeko sagardogileak, Xente, ekarritako barrikotea eta gure lagun Saizaharrek oparitu ziguten ardo nafarra izan genituen lagungarri. Gainera, batzuen lanari esker, beste batzuek bitartean zelaian entrenatu eta tokatatxo bat jokatzeko parada eduki genuen.
Bejondeizuela zuen ekarpena egin eta lanean aritutako guztiei eta, bereziki, sukaldariari!
Gehiago eskatzerik ba al zegoen? Ba, agian eguraldia, eta hau ere bikaina izan zen. Baina, jakina, horien guztiaren gainetik geratzen da horrelako jardunaldi bat antolatzearen helburu nagusia: taldea sendotzea, talde- giroa sustatzea. Hau ere, benetan izan zen adeitsua eta bateratzailea. Ezin gehiago eskatu!
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)