Hernaniko Azeri Zaharrak - Arrasateko Herensugeak.
Landare. Urtarrilak 2018.
Lagunarteko partida
Topaketa bikaina eduki genuen Arrasateko
lagunekin. Giro fresko baina eguzkitsua, zelaia biguna, nahiko urtsua eta
lokaztu samarra, alegia eskola zaharreko jokalariok estimatzen dugun modukoa,
horrek eskura egiten den jokoa laguntzen ez duen arren. Eta, gainera, aurrez-aurreko
lehiatua.
Nahiko hasiera parekatuaren ondoren, joko-denboraren
erdi aldera markagailuan tartetxoa osatzea lortu genuen Azerizaharrok. Eta
amaierako emaitza geure aldekoa izan bagenuen ere, partidaren azken atalean
Herensugeek hartu zuten ekimena. Horren aurrean, etxekook defentsa lanetan gogotsu
saiatu behar izan genuen aurretik lortutako aldeari eusteko.
Edonola ere amaieran irabazle kiroltasuna eta
bi taldeen arteko adiskidetasuna.
Hirugarren denbora ere ilusio bereziz prestatua
izan zen, nolabait ere aurreko aldietan haiengandik jasotako arretaren esker
ona adierazteko.
Arrasatearren aldetik, hurrengo batean bisita
itzultzeko gonbita jaso genuen eta gure aldetik erantzuteko asmoa adieraziz
geratu zen hurrengo baterako konpromisoa hartua.