2017(e)ko abenduaren 1(a), ostirala

IRUÑA 2017/11/25
SAI ZAHARRAK - AZERI ZAHARRAK


Aspalditxotik zor genien bisita egin genien Sai Zaharrei. Iruñeko adiskide hauekin egiten dugun topaketa bakoitza berezia izaten da. Azken batean, Azerizaharrok gogoan dugu plakatuz jokatzeko lehenengo hitzordua haiekin jarri genuela. Gero Landaren eduki genituen uholdeen ondorioz atzeratu egin behar izan genuen eta beste okasio batean Herensugeekin batera jokatutako hirualdekoan burutu genuen estreinakoa Arrasaten.

Oraingo hau hilabete honetan bertan bisitatu dugun UPNAren kiroldegiko 1. zelaian jokatu genuen. Partida gogorra izan zen eta amaierako emaitzak, 0-25, pentsaraz lezakeena baino gehiago kostatu zitzaigun markagailuan aurreratzea. Defentsa ona egin izanak eta entrenamenduetako lanaren emaitza izan ziren garaipenaren gakoa.




Goraipatzekoa epaile gaztearen lana. Lehenengoz arbitratu zuen beteranoen arteko partida eta une oro asmatu zuen erabaki egokiak hartzen, ziurtasunez gainera. Parte hartzaile guztiek edukitako kiroltasunak ere lagundu zuen horretan. Guk ere erabili izan dugun formulak, gazteek arbitratzea, irudi politak eskaintzen ditu eta pozgarria da belaunaldi berriek
adierazten diguten prestutasuna. Eredugarria!

Hirugarren denbora, hasi aldageletan bertan hasi bagenuen ere, nagusiki La Unica Rugbi Taldeak alde zaharrean daukan elkartean egin genuen. Otordu bikaina, kantuak, txantxak,
algarak, anaitasun-giroa… alegia, ohiko bidetik joan zela: bikain.

https://drive.google.com/file/d/1D9SmCMK4tHTOHlXLotAqU1mwRTIoCElc/view

Hurrengo batean haien bista jasotzekoan amaitu genuen topaketa. Laster arte, ba, lagunak!!!

2017(e)ko azaroaren 21(a), asteartea

LAGUNARTEKO PARTIDA IRUÑAN

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 25an izango da, Iruñan.
UPNAko 1 zelaian
Larunbata 18:00etan

                           







2017(e)ko azaroaren 5(a), igandea

I. Mugalari Cup

Iruña Rugby Classics eta Azeri Zaharren arteko I. Mugalari Cupeko garaikurra antolatzaileen etxean geratu zen, 
Iruñean alegia.




Iruñarrek ilusio handiz prestatutako topaketa izan genuen. Partida bera, ohiko legez, gogorra eta kiroltasunez jokatua. Etxekoak nagusitu zitzaizkigun, 30-10, haien lan onari esker nagusiki, baina baita gure hutsegite askotxoren ondorioz ere. 




Beraz, hurrengorako zer hobetu badaukagunez, lehia estuago izango dugula iragar liteke.
Nafarren ekimenez, Mugalari Cupa sortu dugu eta aurrerantzean bi taldeon artean jokatuko dugun neurketa bakoitzaren irabazleak Iruña Rugby Clubeko jokalari batek egindako zurezko plakan idatzita ikusiko du bere izena eta berak gordeko du ikurra hurrengora arte.   


Hirugarren denbora bikaina eduki genuen euren elkartean, afari eta guzti. Bukatzeko gainera, jokalari bakoitzak opari bat jaso genuen. Epailearentzat ere oroigarri gisa domina dotorea prestatu zuten.




Errugbia, lagunarteko giro ederra, kantu saio eta guzti, jan edateko oparoak… zer gehiago eska liteke?
Iruña Rugby Classicseko lagunei gure eskerrik beroena eta laster arte!!!






2017(e)ko azaroaren 3(a), ostirala

     2017/11/04 LARUNBATA, ARRATSALDEKO 18:00etan                                  Iruñako Unibertsitateko zelaian 


         BETERANOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA 
     IRUÑA RUGBY-HERNANIKO AZERI ZAHARRAK







2017(e)ko urriaren 12(a), osteguna

CORNELLÁ - LAGUNARTEKO PARTIDA

Zer nolako asteburua bizitu genuen! 

Askotan esaten da gertakariren bat “historikoa” izan dela, ba bat izatekotan asteburu hau halakoxea izan zen, hainbat arrazoirengatik.
Azeri Zaharrontzat lehenengo aldia izan da kanpora atera garena.  Orain artean partida gehienak gure inguruan jokatu ditugu; urrutien Iruñera joan izan gara. Oraingoan ordea bartzelonarrei birritan egin diguten bisita itzultzea tokatzen zitzaigun. Iazko denboraldian saiakera egin genuen, baina bertan behera geratu zen.  Asmoa denboraldi honetarako utzi genuen.





Eta ideia horri bueltaka genbiltzala FERren egutegiak jarri zigun aukera paregabea: Ohorezko Mailako Barcelona FC - Hernani CRE partida urriaren 1ean. Oraingoan ez zegoen huts egiterik! Halako data berezietan Bartzelonan egoteko abagunea baliatu beharra zegoen.

Ilusio izugarriaz prestatu genuen bidaia. Alabaina, guk jokatu beharreko partidaren ordua eta zelaia zehazterakoan sortu ziren eragozpen batzuen ondorioz, biren arteko topaketa izango zena Cornellára eraman genuen, haiekin batera triangeluarra jokatzeko.



Lehengo denbora etxekoen aurka jokatu genuen. Lehia gogorraren ostean, 10-10 bukatu genuen. Hasieran nahiko lan eduki genuen haiek dituzten arauetara egokitzen, bereziki baloiarekin 20 metro baino gehiagoko korrikaldiak egiteko debekuarekin.

Bigarren neurketa jokatu aurretik, itxarotea egokitu zitzaigun eta horrek askorengan giharrak moteltzea eta azken denboran karranpak agertzea eragin zuen. Hala ere, 10-5 nagusitzeko gai izan ginen.



Aipagarria izan zen epailearen lana, epaile izan gabe ahalegin handia egin baitzuen eta jokabide bikaina eduki beteranoon jokamoldeetara egokitzeko; horretan lagundu zuen lehiakideen artean nagusitu zen kiroltasunak.



Azeri Zaharron aldetik azpimarratzekoa eta oso eskertzekoa izan zen harmailetatik iritsi zitzaigun berotasuna. Ez da erreza etxetik aparte halako animoak jasotzea. Polita izan zen amaieran Kataluniak bizi duen une historikoarekin bat eginez pankarta atzean eta kantu hotsez animatuta hara joandako hernaniar guztiok batera ateratako argazkia. Bertako asko hurbildu zen, korrika, argazkiak atera eta une hunkigarria bideoz grabatzera. 

Eta jakina, hirugarren denbora oparoarekin batera etorri ziren une zirraragarri gehiago: taldeen arteko kidetasun mezuak, goraipamenak, opari eta oroigarriak... eta azkenik, elkarri eskainitako abestiak, eukaraz eta katalanez. Lehengo aldia izan da Azeri Zaharrok kantuan aritzeko ekimena hartzen duguna. Une horretarako jantzi genituen estreinakoz taldearen polo berriak.

Beraz, gure taldearentzat mugarri izan diren hainbat uneren ondoren, hala Cornellákoekin nola Bartzelonakoekin, berriro elkartzeko asmo onak berretsi genituen.



Eta gero, gerokoak; batzuentzat laburragoak, hurrengo egunean goiz jaikitzeko, besteentzat luzeagoak edo baita etengabekoak ere. Guztiok arnastu nahi izan genuen bertatik bertara “procés” delakoaren aire pixka bat.

Eguerdirako, lehen taldeen arteko lehia ikusteko, zain geneuzkan Barcelonako FCeko lagunak euren “grada ácidan”, pintxo eta garagardoekin. Sagardoa ere prestatu ziguten, hain zuzen ere, guk haientzako opari gisa eramandakoa, Azeri Zaharrak markakoa, bere etiketa dotore eta guzti. Hau ere, berrikuntza izan da.

Sagardo hori okasio baterako gordetzeko esan genien eta haiek okasioa huraxe zela erantzun. Esaldi hau izan liteke bizitu dugun anaitasun giroaren lekuko. Guretzat ere asteburu osoa izan baitzen okasio berezia, historikoa.


Cornelláko eta Bartzelonako gure lagunei eta, haiekin batera,  Kataluniako herri osoari hoberena opaz egin genuen topa!!!

2017(e)ko maiatzaren 31(a), asteazkena

Egun oso bereziaren barruan kokatu behar dugu AzeriZaharren azken partida: Durango Rugby Taldearen 30. urteurrenaren ospakizuna.

Errugbiaren jai galanta izan zen, goizeko lehenengo ordutik arratsaldera bitarte etengabean jokatu baitziren partidak Arripausuetako zelaian. Beterano mailakoen artekoa 15:30etan hasi zen, bi elkarteen arteko familia argazki nagusia atera ondoren.


Guztientzako arerio nagusia bero sapa beldurgarria izan zen. Zelaiko markagailuak 38º markatzen zituen “zaharrak” jokoan ari ziren bitartean.  Edonola ere etxekoentzat jasangarriagoa izan zela esan liteke, ia une oro erasoan aritu baitziren. Azeriek defentsa lan ona egin arren, Sapuak 10-0 nagusitu ziren, birritan iritsi baitziren entsegu eremuraino.

Partida gogorra izan zen eta amaieran ez zen luzaketak egiteko kemenik ere geratzen. Bi taldeek aldageletara jo zuten ahal bezain laster. 

Hortik aurrerakoak, ordea, aurreko ahaleginari ordainak hartzekoak izan ziren:  hirugarren denbora bikaina, lagunarteko giro apartean gozatua, eta haren ostean laugarrena etorri zen, afaria eta dantzaldiarekin , eta batzuentzat baita bosgarren denbora ere (horiek beste batean kontatzeko utziko ditugu).




Esan liteke ospakizun honek bi klubak are gehiago elkartu dituela eta, jakina, SapuZaharrekin berriro topatzeko bidea ezarrita geratu da.
Zorionak Durango Rugby Taldeari oro har eta bereziki  SapuZaharrei !!!
Oso eskertuta eta harro sentitzen gara egun handi hau zuekin partekatzeko aukera eskaini diguzuelako!!!
Bejondeizuela!!!