2017(e)ko abenduaren 1(a), ostirala

IRUÑA 2017/11/25
SAI ZAHARRAK - AZERI ZAHARRAK


Aspalditxotik zor genien bisita egin genien Sai Zaharrei. Iruñeko adiskide hauekin egiten dugun topaketa bakoitza berezia izaten da. Azken batean, Azerizaharrok gogoan dugu plakatuz jokatzeko lehenengo hitzordua haiekin jarri genuela. Gero Landaren eduki genituen uholdeen ondorioz atzeratu egin behar izan genuen eta beste okasio batean Herensugeekin batera jokatutako hirualdekoan burutu genuen estreinakoa Arrasaten.

Oraingo hau hilabete honetan bertan bisitatu dugun UPNAren kiroldegiko 1. zelaian jokatu genuen. Partida gogorra izan zen eta amaierako emaitzak, 0-25, pentsaraz lezakeena baino gehiago kostatu zitzaigun markagailuan aurreratzea. Defentsa ona egin izanak eta entrenamenduetako lanaren emaitza izan ziren garaipenaren gakoa.




Goraipatzekoa epaile gaztearen lana. Lehenengoz arbitratu zuen beteranoen arteko partida eta une oro asmatu zuen erabaki egokiak hartzen, ziurtasunez gainera. Parte hartzaile guztiek edukitako kiroltasunak ere lagundu zuen horretan. Guk ere erabili izan dugun formulak, gazteek arbitratzea, irudi politak eskaintzen ditu eta pozgarria da belaunaldi berriek
adierazten diguten prestutasuna. Eredugarria!

Hirugarren denbora, hasi aldageletan bertan hasi bagenuen ere, nagusiki La Unica Rugbi Taldeak alde zaharrean daukan elkartean egin genuen. Otordu bikaina, kantuak, txantxak,
algarak, anaitasun-giroa… alegia, ohiko bidetik joan zela: bikain.

https://drive.google.com/file/d/1D9SmCMK4tHTOHlXLotAqU1mwRTIoCElc/view

Hurrengo batean haien bista jasotzekoan amaitu genuen topaketa. Laster arte, ba, lagunak!!!

2017(e)ko azaroaren 21(a), asteartea

LAGUNARTEKO PARTIDA IRUÑAN

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 25an izango da, Iruñan.
UPNAko 1 zelaian
Larunbata 18:00etan

                           







2017(e)ko azaroaren 5(a), igandea

I. Mugalari Cup

Iruña Rugby Classics eta Azeri Zaharren arteko I. Mugalari Cupeko garaikurra antolatzaileen etxean geratu zen, 
Iruñean alegia.




Iruñarrek ilusio handiz prestatutako topaketa izan genuen. Partida bera, ohiko legez, gogorra eta kiroltasunez jokatua. Etxekoak nagusitu zitzaizkigun, 30-10, haien lan onari esker nagusiki, baina baita gure hutsegite askotxoren ondorioz ere. 




Beraz, hurrengorako zer hobetu badaukagunez, lehia estuago izango dugula iragar liteke.
Nafarren ekimenez, Mugalari Cupa sortu dugu eta aurrerantzean bi taldeon artean jokatuko dugun neurketa bakoitzaren irabazleak Iruña Rugby Clubeko jokalari batek egindako zurezko plakan idatzita ikusiko du bere izena eta berak gordeko du ikurra hurrengora arte.   


Hirugarren denbora bikaina eduki genuen euren elkartean, afari eta guzti. Bukatzeko gainera, jokalari bakoitzak opari bat jaso genuen. Epailearentzat ere oroigarri gisa domina dotorea prestatu zuten.




Errugbia, lagunarteko giro ederra, kantu saio eta guzti, jan edateko oparoak… zer gehiago eska liteke?
Iruña Rugby Classicseko lagunei gure eskerrik beroena eta laster arte!!!






2017(e)ko azaroaren 3(a), ostirala

     2017/11/04 LARUNBATA, ARRATSALDEKO 18:00etan                                  Iruñako Unibertsitateko zelaian 


         BETERANOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA 
     IRUÑA RUGBY-HERNANIKO AZERI ZAHARRAK







2017(e)ko urriaren 12(a), osteguna

CORNELLÁ - LAGUNARTEKO PARTIDA

Zer nolako asteburua bizitu genuen! 

Askotan esaten da gertakariren bat “historikoa” izan dela, ba bat izatekotan asteburu hau halakoxea izan zen, hainbat arrazoirengatik.
Azeri Zaharrontzat lehenengo aldia izan da kanpora atera garena.  Orain artean partida gehienak gure inguruan jokatu ditugu; urrutien Iruñera joan izan gara. Oraingoan ordea bartzelonarrei birritan egin diguten bisita itzultzea tokatzen zitzaigun. Iazko denboraldian saiakera egin genuen, baina bertan behera geratu zen.  Asmoa denboraldi honetarako utzi genuen.





Eta ideia horri bueltaka genbiltzala FERren egutegiak jarri zigun aukera paregabea: Ohorezko Mailako Barcelona FC - Hernani CRE partida urriaren 1ean. Oraingoan ez zegoen huts egiterik! Halako data berezietan Bartzelonan egoteko abagunea baliatu beharra zegoen.

Ilusio izugarriaz prestatu genuen bidaia. Alabaina, guk jokatu beharreko partidaren ordua eta zelaia zehazterakoan sortu ziren eragozpen batzuen ondorioz, biren arteko topaketa izango zena Cornellára eraman genuen, haiekin batera triangeluarra jokatzeko.



Lehengo denbora etxekoen aurka jokatu genuen. Lehia gogorraren ostean, 10-10 bukatu genuen. Hasieran nahiko lan eduki genuen haiek dituzten arauetara egokitzen, bereziki baloiarekin 20 metro baino gehiagoko korrikaldiak egiteko debekuarekin.

Bigarren neurketa jokatu aurretik, itxarotea egokitu zitzaigun eta horrek askorengan giharrak moteltzea eta azken denboran karranpak agertzea eragin zuen. Hala ere, 10-5 nagusitzeko gai izan ginen.



Aipagarria izan zen epailearen lana, epaile izan gabe ahalegin handia egin baitzuen eta jokabide bikaina eduki beteranoon jokamoldeetara egokitzeko; horretan lagundu zuen lehiakideen artean nagusitu zen kiroltasunak.



Azeri Zaharron aldetik azpimarratzekoa eta oso eskertzekoa izan zen harmailetatik iritsi zitzaigun berotasuna. Ez da erreza etxetik aparte halako animoak jasotzea. Polita izan zen amaieran Kataluniak bizi duen une historikoarekin bat eginez pankarta atzean eta kantu hotsez animatuta hara joandako hernaniar guztiok batera ateratako argazkia. Bertako asko hurbildu zen, korrika, argazkiak atera eta une hunkigarria bideoz grabatzera. 

Eta jakina, hirugarren denbora oparoarekin batera etorri ziren une zirraragarri gehiago: taldeen arteko kidetasun mezuak, goraipamenak, opari eta oroigarriak... eta azkenik, elkarri eskainitako abestiak, eukaraz eta katalanez. Lehengo aldia izan da Azeri Zaharrok kantuan aritzeko ekimena hartzen duguna. Une horretarako jantzi genituen estreinakoz taldearen polo berriak.

Beraz, gure taldearentzat mugarri izan diren hainbat uneren ondoren, hala Cornellákoekin nola Bartzelonakoekin, berriro elkartzeko asmo onak berretsi genituen.



Eta gero, gerokoak; batzuentzat laburragoak, hurrengo egunean goiz jaikitzeko, besteentzat luzeagoak edo baita etengabekoak ere. Guztiok arnastu nahi izan genuen bertatik bertara “procés” delakoaren aire pixka bat.

Eguerdirako, lehen taldeen arteko lehia ikusteko, zain geneuzkan Barcelonako FCeko lagunak euren “grada ácidan”, pintxo eta garagardoekin. Sagardoa ere prestatu ziguten, hain zuzen ere, guk haientzako opari gisa eramandakoa, Azeri Zaharrak markakoa, bere etiketa dotore eta guzti. Hau ere, berrikuntza izan da.

Sagardo hori okasio baterako gordetzeko esan genien eta haiek okasioa huraxe zela erantzun. Esaldi hau izan liteke bizitu dugun anaitasun giroaren lekuko. Guretzat ere asteburu osoa izan baitzen okasio berezia, historikoa.


Cornelláko eta Bartzelonako gure lagunei eta, haiekin batera,  Kataluniako herri osoari hoberena opaz egin genuen topa!!!

2017(e)ko maiatzaren 31(a), asteazkena

Egun oso bereziaren barruan kokatu behar dugu AzeriZaharren azken partida: Durango Rugby Taldearen 30. urteurrenaren ospakizuna.

Errugbiaren jai galanta izan zen, goizeko lehenengo ordutik arratsaldera bitarte etengabean jokatu baitziren partidak Arripausuetako zelaian. Beterano mailakoen artekoa 15:30etan hasi zen, bi elkarteen arteko familia argazki nagusia atera ondoren.


Guztientzako arerio nagusia bero sapa beldurgarria izan zen. Zelaiko markagailuak 38º markatzen zituen “zaharrak” jokoan ari ziren bitartean.  Edonola ere etxekoentzat jasangarriagoa izan zela esan liteke, ia une oro erasoan aritu baitziren. Azeriek defentsa lan ona egin arren, Sapuak 10-0 nagusitu ziren, birritan iritsi baitziren entsegu eremuraino.

Partida gogorra izan zen eta amaieran ez zen luzaketak egiteko kemenik ere geratzen. Bi taldeek aldageletara jo zuten ahal bezain laster. 

Hortik aurrerakoak, ordea, aurreko ahaleginari ordainak hartzekoak izan ziren:  hirugarren denbora bikaina, lagunarteko giro apartean gozatua, eta haren ostean laugarrena etorri zen, afaria eta dantzaldiarekin , eta batzuentzat baita bosgarren denbora ere (horiek beste batean kontatzeko utziko ditugu).




Esan liteke ospakizun honek bi klubak are gehiago elkartu dituela eta, jakina, SapuZaharrekin berriro topatzeko bidea ezarrita geratu da.
Zorionak Durango Rugby Taldeari oro har eta bereziki  SapuZaharrei !!!
Oso eskertuta eta harro sentitzen gara egun handi hau zuekin partekatzeko aukera eskaini diguzuelako!!!
Bejondeizuela!!!




2017(e)ko maiatzaren 24(a), asteazkena

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 27an izango da, Durangon.


Ilusio handiz hartu genuen Durangoko Sapu Zaharrek luzatu ziguten gonbidapena:  maiatzaren 27an euren elkartearen 30. urteurrena ospatzeko prestatu duten jaialdiaren baitan jokatzea. Beraz, errugbiaren jai aparta izango delakoan gaude. Izan ere, bi elkarteetako kategoria guztietako  taldeek jokatuko dugu egun osoan zehar. Guztira  hamar partida izango dira eta, jakina, haien ondorengo hirugarren denborak ere bai.




Azeri Zaharrok eta Sapu Zaharrek ez dugu elkar ezagutzen, lehenengo aldia izango baita jokatuko duguna. Baina ziur gaude egun paregabea pasatuko dugula, lagunartean.






2017(e)ko maiatzaren 8(a), astelehena

AZERI ZAHARREN OILAGOR JATEA


Luxuzko larunbata igaro genuen Azeri Zaharrok oilagor jatearen bueltan. Taldeko ehiztaria, Angel, aspalditxotik esaten ari zitzaigun oilagorrak bazeuzkala eta otordu bat antola zitekeela. Aipagarria bere eskuzabaltasuna. Alabaina, hasieraz koxka bat gainditu beharra zegoen, hegaztiak lumatzea, eta ondoren bestea, haiek prestatzea.


Osteguneko entrenamendua laburxeagoa egin genuen, bakoitzak bere oilagorra lumatzeko. Lehenengo koxka gainditua. Bigarrena hastera zihoan, ordea, mimo handiz egin beharreko lana: banan bana errepasatu, garbitu, lotu, kazolarako prestatu, saltsa maneatu… ordutako eta hiru egunetan tarte batzuk eskaini beharreko lana. Emaitza bikaina, ezin hobea!! Ederki gozatu genuen hain gutxitan dastatzeko aukera izaten den jaki apartarekin. Batzuk inoiz probatu gabea zuten. Gibel-errai eta foiez hornitutako ogi txigortuaz lagundutako oilagorra saltsan.


Ez zen ordea bazkariko plater bakarra izan, aurretik gari-zainzuridun eta almejadun saltsa-berdeaz loditutako arroz krematsua jateko aukera eduki genuen. Aurrekoaren pareko platera izan zen hau ere eta taldeko sukaldariak, Pello, berriro ere maila gaindiezina eman zuen.


Amaitzeko, marrubiak oinarri zituen  fruta-mazedonia ederki sartu zen, barruak pixka bat freskatzeko. Eta jakina, hau guztia pasatzeko taldeko sagardogileak, Xente, ekarritako barrikotea eta gure lagun Saizaharrek oparitu ziguten ardo nafarra izan genituen lagungarri. Gainera, batzuen lanari esker, beste batzuek bitartean zelaian entrenatu eta tokatatxo bat jokatzeko parada eduki genuen.
Bejondeizuela zuen ekarpena egin eta lanean aritutako guztiei eta, bereziki, sukaldariari!


Gehiago eskatzerik ba al zegoen? Ba, agian eguraldia, eta hau ere bikaina izan zen. Baina, jakina, horien guztiaren gainetik geratzen da horrelako jardunaldi bat antolatzearen helburu nagusia: taldea sendotzea, talde- giroa sustatzea. Hau ere, benetan izan zen adeitsua eta bateratzailea. Ezin gehiago eskatu!










2017(e)ko apirilaren 24(a), astelehena

2017/04/22 BETERANOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA HERNANIKO AZERI ZAHARRAK-GAZTEDIKO BETS 

Hernani CRErentzat asteburu bikaina izan denari, lehenengo taldeak Ohorezko Mailari eustea lortu baitu, ederki hasi zuen AzeriZarren taldeak.

Norgehiagoka polita eduki zuen larunbat arratsaldean Gaztedi Betsen aurka. Topaketari  kalifikatzaile bat jartzekotan, beroa izan zela esan daiteke.

Beroa, eguraldia halakoa izan zelako. Horretan, etxekoek laguntza ederra eduki zuten urketari lanetarako beren borondatez prestatu ziren neska-mutikoen aldetik. Une oro haiengandik jasotako arretak partidan sortutako lehorraldia arintzen lagundu zien jokalariei.

Beroa, baita ere partida amaieran eta epaile lanetan aritu ziren hiru gazteek, sub-14ko jokalariak, jaso zuten txalo zaparrada. Bi taldeek eskertu zieten egindako lan txukuna eta jardunaldi amaieran ere izan ziren haienganako aintzatespen hitzak.


Beroa, jokoa ere halakoa izan zelako. Gogorra, alegia, baina erabateko kiroltasunez lehiatua. Aurretik espero zen bezala, talde indartsua topatu zuten azeriek.  Jende sasoitsua, ondo kokatua, jokatzen zekiena… Alabaina, itxura batean gasteiztarrak nagusituko baziren ere, hernaniarrek ondo baliatu zituzten beren aukerak eta markagailuan tartea ireki zuten. Defentsa-lan ona eta joko irekian baloia zabaltzea izan ziren 25-15eko garaipena eskuratzeko gako nagusiak.

Beroa, hirugarren denboran azaleratu zen lagunarteko giroa bezalakoa. Berriz elkar ikusteko gogoa partekatu zuten bi taldeak eta daitekeena da denboraldia amaitu aurretik, ekainean bertan, bisita itzultzea. 

2017(e)ko apirilaren 14(a), ostirala

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 22an izango da, Gaztedi Rugby Taldearen aurka.

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 22an izango da, Gaztedi  Rugby Taldearen aurka.

Lehenengo aldia izango da gasteiztarren aurka jokatuko duguna. Ez dugu taldea ezagutzen, baina haien webgunean irakurri ahal izan dugunez, Donostiako OPLAri orain bi hilabete lanak baino gehiago eman zizkioten. 
Talde serioa espero dugu, beraz, eta, jakina, errugbi-arratsalde bikaina igarotzea lagun berriak eginez. 



2017(e)ko martxoaren 26(a), igandea

AZERI ZAHARRAK - SAI ZAHARRAKPARTIDAREN KRONIKA2017/03/25


Arratsalde bikaina igaro genuen Azeri Zaharrek eta Sai Zaharrek (Iruñea), martxoaren 25eko partidaren bueltan. Eguraldi gaiztoa eduki arren, bi taldeen artean jokorako grina, kiroltasuna eta giro ona nagusitu zen, errugbia alegia.

Etxeko taldea 15-0 nagusitu bazen ere, lehia gogorra izan zen, nahiko fisikoa, aurrelarien arteko norgehiagoka askorekin, besteak beste euriak eta lokatzak hala eraginda. Edonola ere, joko irekia izan zen emaitza bideratzeko gakoa.

Jokalari gehienontzat, agian guztiontzat,  berria izan zen esperientzia eduki genuen:  Bi gaztek, 14 urtekoak, egin zituzten epaile lanak. Aldi berean aritu ziren zelaian, bakoitza jokaldiaren alde batetik eta batek nahiz besteak txistua joz. Oso lan txukuna egin zuten Hernaniko hamalau urtetik beherakoen taldeko bi jokalariok. Agerian jarri zuten euren prestakuntza aparta dela: jokatzeaz gain, arbitratzen ere ikasi egiten dute eta beraien partidetan epaile-laguntzaile aritzen dira. Benetan irudi polita izan zen sai eta azeri zahar andana gazteon agintepean ikustea. Eta, jakina, esan beharrik ere ez dago jokalariek epaileekiko adierazitako begirunea erabatekoa izan zela.



Hirugarren denboran, taldeen arteko kidetasun-adierazpenen artean, detaile polita eduki zuten iruindarrek bi epaileak sarituz eta goraipatuz. Hitz batzuk ere eskaini zizkieten eta guztien txalo zarta jaso zuten. Ongi merezitako unea epaileentzat eta eskertzeko jokabidea Saizaharrek eduki zutena.  Bejondeiela!


Ondoren, hirugarren denboraren errepika eta abar izan ziren, topaketari sagardotegian eman baitzitzaion jarraipena.  Dagoeneko pentsatzen hasiak gara bi taldeon arteko hurrengo partida noiz izango dugun. 


2017(e)ko martxoaren 21(a), asteartea





Azeri Zaharren hurrengo hitzordua Martxoaren 25ean, arratsaldeko 5etan izango da, La Unica RT (SaiZaharrak) taldearen aurka.


Topaketaren hirugarren denbora Ladaren egingo dugu, eta gero  
sagardotegira.





2017(e)ko otsailaren 26(a), igandea

Azeri Zaharrak eta Iruña Rugby Classicsen arteko topaketa errugbi munduan aski ezaguna eta zelairatutako batzuen entrenatzaile izandako Luis Mari Ezeiza zendu berriaren omenezko minutuko isilunearekin hasi zen.


Partidari gogor eta ondo antolatutako jokoaz ekin zioten iruindarrek. Berehala lortu zuten beren lehen entsegua. Horren ondoren, ordea, hernaniarren erantzuna ere mailakoa izan zen eta birritan berdintzea lortu zuen arren, 10-15eko emaitzaz bukatu zen jokoa. Lehia gogorra baina garbia; kiroltasuna nagusi.






Eta jakina, honelako topaketen berezko zentzuari jarraiki, lagunarteko giro bikainean burutu zen hirugarren denbora, denbora luzea: Landaren hasi, sagardotegian jarraitu eta herri-kaxkoan amaitu, edo… 




Bi taldeon arteko hurrengo hitzordua, tartean besterik sortzen ez bada, uztailaren 5ean Iruñak antolatzen duen “sevenean” izango da, beteranoentzat “ten” (hamarreko taldeak).

2017(e)ko otsailaren 11(a), larunbata

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 25ean izango da, Iruña Rugby Classics taldearen aurka.

Ordizia REren eta Hernani CREren arteko ohorezko mailako derbya ikusteko aukera edukitzearren, ilunabarreko zazpietan jokatuko dugu.

Topaketaren hirugarren denbora 
sagardotegian egingo dugu. 


2017(e)ko urtarrilaren 29(a), igandea

BETERENOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA. HERENSUGEAK-AZERI ZAHARRAK


BETERENOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA. HERENSUGEAK-AZERI ZAHARRAK
ARRASATEN
2017/01/28

Arratsalde ederra pasatu dugu Hernaniko Azeri Zaharrok Arrasaten.  Kopuru aldetik talde polita agertu gara eta aipagarria izan da taldekide berrien ekarpena. Taldea gogotsu eta ordenatu antzera ibili da. Partida lehiatua eduki dugu eta azpimarratzekoa izan da guztion garbitasuna jokaldiak lehiatzeko garaian. Hala Herensugeek nola Azeri Zaharrok zintzo eta kiroltasunez bete ditugu epailearen aginduak eta horrek guztiok partidaz gehiago gozatu ahal izatea ahalbidetu du.
Partida ondorengo tartea ez da eskasagoa izan. Hirugarren denbora bikaina eskaini digute Arrasateko lagunek eta elkarrekin tarte benetan atsegina pasatu dugu.

Eskerrik asko Herensugeak! Laster arte! 




La imagen puede contener: 14 personas, personas sonriendo, exterior

2017(e)ko urtarrilaren 27(a), ostirala

2017ko urtarrilaren 28an, larunbata arratsaldean, Hernaniko Errugbi Taldeko beteranoek (Azeri zaharrak) Arrasatearen (Herensugeak)  kontra jokatuko dugu lagunarteko partida Mojategin, Arrasaten, 16:30etan.