2017(e)ko apirilaren 24(a), astelehena

2017/04/22 BETERANOAREN LAGUNARTEKO PARTIDA HERNANIKO AZERI ZAHARRAK-GAZTEDIKO BETS 

Hernani CRErentzat asteburu bikaina izan denari, lehenengo taldeak Ohorezko Mailari eustea lortu baitu, ederki hasi zuen AzeriZarren taldeak.

Norgehiagoka polita eduki zuen larunbat arratsaldean Gaztedi Betsen aurka. Topaketari  kalifikatzaile bat jartzekotan, beroa izan zela esan daiteke.

Beroa, eguraldia halakoa izan zelako. Horretan, etxekoek laguntza ederra eduki zuten urketari lanetarako beren borondatez prestatu ziren neska-mutikoen aldetik. Une oro haiengandik jasotako arretak partidan sortutako lehorraldia arintzen lagundu zien jokalariei.

Beroa, baita ere partida amaieran eta epaile lanetan aritu ziren hiru gazteek, sub-14ko jokalariak, jaso zuten txalo zaparrada. Bi taldeek eskertu zieten egindako lan txukuna eta jardunaldi amaieran ere izan ziren haienganako aintzatespen hitzak.


Beroa, jokoa ere halakoa izan zelako. Gogorra, alegia, baina erabateko kiroltasunez lehiatua. Aurretik espero zen bezala, talde indartsua topatu zuten azeriek.  Jende sasoitsua, ondo kokatua, jokatzen zekiena… Alabaina, itxura batean gasteiztarrak nagusituko baziren ere, hernaniarrek ondo baliatu zituzten beren aukerak eta markagailuan tartea ireki zuten. Defentsa-lan ona eta joko irekian baloia zabaltzea izan ziren 25-15eko garaipena eskuratzeko gako nagusiak.

Beroa, hirugarren denboran azaleratu zen lagunarteko giroa bezalakoa. Berriz elkar ikusteko gogoa partekatu zuten bi taldeak eta daitekeena da denboraldia amaitu aurretik, ekainean bertan, bisita itzultzea. 

2017(e)ko apirilaren 14(a), ostirala

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 22an izango da, Gaztedi Rugby Taldearen aurka.

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 22an izango da, Gaztedi  Rugby Taldearen aurka.

Lehenengo aldia izango da gasteiztarren aurka jokatuko duguna. Ez dugu taldea ezagutzen, baina haien webgunean irakurri ahal izan dugunez, Donostiako OPLAri orain bi hilabete lanak baino gehiago eman zizkioten. 
Talde serioa espero dugu, beraz, eta, jakina, errugbi-arratsalde bikaina igarotzea lagun berriak eginez.