2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Kaixo. Hau da Hernaniko Azeri Zaharraren Bloga.
Hemendik aurrera, blog honetan, gure berriak aurkeztuko dizkizuegu.


 

Lehendik ere gure taldean beterano mailako esperientziak izan badira ere, gaur egungo beterano taldearen sorrera 2013ko otsailean jokatu zen “tokata” batean jarriko genuke.
Egun hartan 32 jokalari elkartu ginen eta, lau taldetan banaturik, elkarren aurka arituz torneotxo ederra egin genuen.
Egun hartan askoren barruan suspertu zen lozorroan zegoen “harra”. Eta aurrerantzean hilabetean behin elkartzea erabaki genuen. Plana beroketa bat egin, tokata jokatu eta luzatzeko ariketa batzuekin zelaikoak bukatzea zen. Horrela amaitu genuen denboraldi hura.

Hernani Club Rugby Elkartea
 
HERNANI CLUB RUGBY ELKARTEA

2013-2014 denboraldian jarraipena eman genion asmoari eta, hilean behin gutxi iritzita, hamabostero elkartzen hasi ginen.

-          Denboraldiaren amaieran izan genuen lehenengo agerpena talde gisa: Lasarten jokatu genuen “tokata” bat bertako Beltzen aurka.

-          Hurrengo parte hartzea Donostiako Aste Nagusiko Hondartzako torneoan izan genuen. Bertan jaso genuen gure lehenengo saria, “egurrezko koilara”, partida guztiak galtzen dituenari ematen zaion saria, alegia. Nolanahi ere, gure jokalarientzat saririk ederrena taldearen elastikoa berriro janzteak eragiten duen zirrara berriro bizitzea izan zen.
 
 

 
2014-2015 denboraldirako argi geneukan entrenamendu gehiagok mesede egingo zigula eta astero elkartzea erabaki genuen. Era berean “lan-plana” ere osatu genuen, saio bakoitzaren lehenengo atala gorputz tonifikazioari emanez eta bigarrengoan, “tokatarekin” hasi aurretik, teknika berreskuratzeko jarduerak eginez. Era berean, kontaktua eta lurrera joatea lantzeari ere ekin genion, pixkanaka tokatatik errugbi partidak jokatzeko prestatzearren.

Denboraldi erditik aurrera hasi ginen beste taldeekin topaketak edukitzen. Gehienetan lehenengo zatia “tokata” jokatuz eta bukatzeko partida arrunta eginez, kontaktu, plakaketa eta abarrekin.

Horrela jokatu genituen:

Otsailaren 28an Arrasaten: Herensugeak (Arrasate) – Sai Zaharrak (La Unica) – Hernani

-          Apirilaren 25ean Baionako Archivalds – Hernani

-          Maiatzaren 2an: Barcelona FC Rugby – Hernani

Ekainearen 12 eta 14ean EGOR, European Golden Oldies Rugby, Zubieta-Donostian: talde bezala parte hartu ez bagenuen ere, taldekideentzat mugarria izan zen topaketa hauetan parte hartzeko aukera izatea. Gipuzkoako errugbi federazioak gonbidatuta, lurraldearen izenean sortutako taldean parte hartu genuen 19 jokalarik, 9 35etik 50 urte bitartekoetan eta 10 50etik gorakoetan.

-          Abuztuan, Donostiako Aste Nagusiko Hondartzako torneoa: oraingoan ez genuen egurrezko koilararik lortzeko ohorea eduki.

Denboraldiaren amaierarako beste bi mugarri jarri genituen, hauek taldearen irudiari dagokionean:

-          Alde batetik taldearentzako izena erabaki genuen: AZERI ZAHARRAK

-          Bestetik taldearentzako berariazko kamiseta diseinatu eta babeslea lortu genuen: Pegamo. Azeri Zaharren kamiseta Donostiako Aste Nagusiko Hondartzako torneoan estreinatu genuen.

 
 

 
 
 

2015-2016 denboraldirako, osteguneroko entrenamenduaz gain, hilean behin topaketaren bat, hala “tokata” nola partida, ospatzeko helburua jarri genion geure buruari. Ondo antzera betetzen ari gara asmoa:

-          Urriaren 10ean: Barcelona FC Rugby – Ordizia – Azeri Zaharrak (Hernani)

-          Urtarrilaren 30ean: Herensugeak (Arrasate) – Azeri Zaharrak (Hernani)

-          Martxoaren 12an: Unigans (Bilbo) – Sai Zaharrak (La Unica) – Azeri Zaharrak (Hernani)

-          Apirilaren 2an: Medikoak (Baiona) – Azeri Zaharrak (Hernani)

-          Maiatzaren 7an: OPLA (Donostia) – Les Izards (Luchon) – Azeri Zaharrak (Hernani)

 
Eta irudia eta komunikazioari begira, blog hau irekiz jarri dugun beste mugarri honen unean, aurreikusita daukagu beste saio bat:

-          Ekainaren 4ean: Les Barbons (Cadaujac)– Azeri Zaharrak (Hernani)