2017(e)ko urriaren 12(a), osteguna

CORNELLÁ - LAGUNARTEKO PARTIDA

Zer nolako asteburua bizitu genuen! 

Askotan esaten da gertakariren bat “historikoa” izan dela, ba bat izatekotan asteburu hau halakoxea izan zen, hainbat arrazoirengatik.
Azeri Zaharrontzat lehenengo aldia izan da kanpora atera garena.  Orain artean partida gehienak gure inguruan jokatu ditugu; urrutien Iruñera joan izan gara. Oraingoan ordea bartzelonarrei birritan egin diguten bisita itzultzea tokatzen zitzaigun. Iazko denboraldian saiakera egin genuen, baina bertan behera geratu zen.  Asmoa denboraldi honetarako utzi genuen.





Eta ideia horri bueltaka genbiltzala FERren egutegiak jarri zigun aukera paregabea: Ohorezko Mailako Barcelona FC - Hernani CRE partida urriaren 1ean. Oraingoan ez zegoen huts egiterik! Halako data berezietan Bartzelonan egoteko abagunea baliatu beharra zegoen.

Ilusio izugarriaz prestatu genuen bidaia. Alabaina, guk jokatu beharreko partidaren ordua eta zelaia zehazterakoan sortu ziren eragozpen batzuen ondorioz, biren arteko topaketa izango zena Cornellára eraman genuen, haiekin batera triangeluarra jokatzeko.



Lehengo denbora etxekoen aurka jokatu genuen. Lehia gogorraren ostean, 10-10 bukatu genuen. Hasieran nahiko lan eduki genuen haiek dituzten arauetara egokitzen, bereziki baloiarekin 20 metro baino gehiagoko korrikaldiak egiteko debekuarekin.

Bigarren neurketa jokatu aurretik, itxarotea egokitu zitzaigun eta horrek askorengan giharrak moteltzea eta azken denboran karranpak agertzea eragin zuen. Hala ere, 10-5 nagusitzeko gai izan ginen.



Aipagarria izan zen epailearen lana, epaile izan gabe ahalegin handia egin baitzuen eta jokabide bikaina eduki beteranoon jokamoldeetara egokitzeko; horretan lagundu zuen lehiakideen artean nagusitu zen kiroltasunak.



Azeri Zaharron aldetik azpimarratzekoa eta oso eskertzekoa izan zen harmailetatik iritsi zitzaigun berotasuna. Ez da erreza etxetik aparte halako animoak jasotzea. Polita izan zen amaieran Kataluniak bizi duen une historikoarekin bat eginez pankarta atzean eta kantu hotsez animatuta hara joandako hernaniar guztiok batera ateratako argazkia. Bertako asko hurbildu zen, korrika, argazkiak atera eta une hunkigarria bideoz grabatzera. 

Eta jakina, hirugarren denbora oparoarekin batera etorri ziren une zirraragarri gehiago: taldeen arteko kidetasun mezuak, goraipamenak, opari eta oroigarriak... eta azkenik, elkarri eskainitako abestiak, eukaraz eta katalanez. Lehengo aldia izan da Azeri Zaharrok kantuan aritzeko ekimena hartzen duguna. Une horretarako jantzi genituen estreinakoz taldearen polo berriak.

Beraz, gure taldearentzat mugarri izan diren hainbat uneren ondoren, hala Cornellákoekin nola Bartzelonakoekin, berriro elkartzeko asmo onak berretsi genituen.



Eta gero, gerokoak; batzuentzat laburragoak, hurrengo egunean goiz jaikitzeko, besteentzat luzeagoak edo baita etengabekoak ere. Guztiok arnastu nahi izan genuen bertatik bertara “procés” delakoaren aire pixka bat.

Eguerdirako, lehen taldeen arteko lehia ikusteko, zain geneuzkan Barcelonako FCeko lagunak euren “grada ácidan”, pintxo eta garagardoekin. Sagardoa ere prestatu ziguten, hain zuzen ere, guk haientzako opari gisa eramandakoa, Azeri Zaharrak markakoa, bere etiketa dotore eta guzti. Hau ere, berrikuntza izan da.

Sagardo hori okasio baterako gordetzeko esan genien eta haiek okasioa huraxe zela erantzun. Esaldi hau izan liteke bizitu dugun anaitasun giroaren lekuko. Guretzat ere asteburu osoa izan baitzen okasio berezia, historikoa.


Cornelláko eta Bartzelonako gure lagunei eta, haiekin batera,  Kataluniako herri osoari hoberena opaz egin genuen topa!!!