2017(e)ko maiatzaren 31(a), asteazkena

Egun oso bereziaren barruan kokatu behar dugu AzeriZaharren azken partida: Durango Rugby Taldearen 30. urteurrenaren ospakizuna.

Errugbiaren jai galanta izan zen, goizeko lehenengo ordutik arratsaldera bitarte etengabean jokatu baitziren partidak Arripausuetako zelaian. Beterano mailakoen artekoa 15:30etan hasi zen, bi elkarteen arteko familia argazki nagusia atera ondoren.


Guztientzako arerio nagusia bero sapa beldurgarria izan zen. Zelaiko markagailuak 38º markatzen zituen “zaharrak” jokoan ari ziren bitartean.  Edonola ere etxekoentzat jasangarriagoa izan zela esan liteke, ia une oro erasoan aritu baitziren. Azeriek defentsa lan ona egin arren, Sapuak 10-0 nagusitu ziren, birritan iritsi baitziren entsegu eremuraino.

Partida gogorra izan zen eta amaieran ez zen luzaketak egiteko kemenik ere geratzen. Bi taldeek aldageletara jo zuten ahal bezain laster. 

Hortik aurrerakoak, ordea, aurreko ahaleginari ordainak hartzekoak izan ziren:  hirugarren denbora bikaina, lagunarteko giro apartean gozatua, eta haren ostean laugarrena etorri zen, afaria eta dantzaldiarekin , eta batzuentzat baita bosgarren denbora ere (horiek beste batean kontatzeko utziko ditugu).




Esan liteke ospakizun honek bi klubak are gehiago elkartu dituela eta, jakina, SapuZaharrekin berriro topatzeko bidea ezarrita geratu da.
Zorionak Durango Rugby Taldeari oro har eta bereziki  SapuZaharrei !!!
Oso eskertuta eta harro sentitzen gara egun handi hau zuekin partekatzeko aukera eskaini diguzuelako!!!
Bejondeizuela!!!




2017(e)ko maiatzaren 24(a), asteazkena

Azeri Zaharren hurrengo hitzordua hilaren 27an izango da, Durangon.


Ilusio handiz hartu genuen Durangoko Sapu Zaharrek luzatu ziguten gonbidapena:  maiatzaren 27an euren elkartearen 30. urteurrena ospatzeko prestatu duten jaialdiaren baitan jokatzea. Beraz, errugbiaren jai aparta izango delakoan gaude. Izan ere, bi elkarteetako kategoria guztietako  taldeek jokatuko dugu egun osoan zehar. Guztira  hamar partida izango dira eta, jakina, haien ondorengo hirugarren denborak ere bai.




Azeri Zaharrok eta Sapu Zaharrek ez dugu elkar ezagutzen, lehenengo aldia izango baita jokatuko duguna. Baina ziur gaude egun paregabea pasatuko dugula, lagunartean.






2017(e)ko maiatzaren 8(a), astelehena

AZERI ZAHARREN OILAGOR JATEA


Luxuzko larunbata igaro genuen Azeri Zaharrok oilagor jatearen bueltan. Taldeko ehiztaria, Angel, aspalditxotik esaten ari zitzaigun oilagorrak bazeuzkala eta otordu bat antola zitekeela. Aipagarria bere eskuzabaltasuna. Alabaina, hasieraz koxka bat gainditu beharra zegoen, hegaztiak lumatzea, eta ondoren bestea, haiek prestatzea.


Osteguneko entrenamendua laburxeagoa egin genuen, bakoitzak bere oilagorra lumatzeko. Lehenengo koxka gainditua. Bigarrena hastera zihoan, ordea, mimo handiz egin beharreko lana: banan bana errepasatu, garbitu, lotu, kazolarako prestatu, saltsa maneatu… ordutako eta hiru egunetan tarte batzuk eskaini beharreko lana. Emaitza bikaina, ezin hobea!! Ederki gozatu genuen hain gutxitan dastatzeko aukera izaten den jaki apartarekin. Batzuk inoiz probatu gabea zuten. Gibel-errai eta foiez hornitutako ogi txigortuaz lagundutako oilagorra saltsan.


Ez zen ordea bazkariko plater bakarra izan, aurretik gari-zainzuridun eta almejadun saltsa-berdeaz loditutako arroz krematsua jateko aukera eduki genuen. Aurrekoaren pareko platera izan zen hau ere eta taldeko sukaldariak, Pello, berriro ere maila gaindiezina eman zuen.


Amaitzeko, marrubiak oinarri zituen  fruta-mazedonia ederki sartu zen, barruak pixka bat freskatzeko. Eta jakina, hau guztia pasatzeko taldeko sagardogileak, Xente, ekarritako barrikotea eta gure lagun Saizaharrek oparitu ziguten ardo nafarra izan genituen lagungarri. Gainera, batzuen lanari esker, beste batzuek bitartean zelaian entrenatu eta tokatatxo bat jokatzeko parada eduki genuen.
Bejondeizuela zuen ekarpena egin eta lanean aritutako guztiei eta, bereziki, sukaldariari!


Gehiago eskatzerik ba al zegoen? Ba, agian eguraldia, eta hau ere bikaina izan zen. Baina, jakina, horien guztiaren gainetik geratzen da horrelako jardunaldi bat antolatzearen helburu nagusia: taldea sendotzea, talde- giroa sustatzea. Hau ere, benetan izan zen adeitsua eta bateratzailea. Ezin gehiago eskatu!