2017(e)ko martxoaren 26(a), igandea

AZERI ZAHARRAK - SAI ZAHARRAKPARTIDAREN KRONIKA2017/03/25


Arratsalde bikaina igaro genuen Azeri Zaharrek eta Sai Zaharrek (Iruñea), martxoaren 25eko partidaren bueltan. Eguraldi gaiztoa eduki arren, bi taldeen artean jokorako grina, kiroltasuna eta giro ona nagusitu zen, errugbia alegia.

Etxeko taldea 15-0 nagusitu bazen ere, lehia gogorra izan zen, nahiko fisikoa, aurrelarien arteko norgehiagoka askorekin, besteak beste euriak eta lokatzak hala eraginda. Edonola ere, joko irekia izan zen emaitza bideratzeko gakoa.

Jokalari gehienontzat, agian guztiontzat,  berria izan zen esperientzia eduki genuen:  Bi gaztek, 14 urtekoak, egin zituzten epaile lanak. Aldi berean aritu ziren zelaian, bakoitza jokaldiaren alde batetik eta batek nahiz besteak txistua joz. Oso lan txukuna egin zuten Hernaniko hamalau urtetik beherakoen taldeko bi jokalariok. Agerian jarri zuten euren prestakuntza aparta dela: jokatzeaz gain, arbitratzen ere ikasi egiten dute eta beraien partidetan epaile-laguntzaile aritzen dira. Benetan irudi polita izan zen sai eta azeri zahar andana gazteon agintepean ikustea. Eta, jakina, esan beharrik ere ez dago jokalariek epaileekiko adierazitako begirunea erabatekoa izan zela.



Hirugarren denboran, taldeen arteko kidetasun-adierazpenen artean, detaile polita eduki zuten iruindarrek bi epaileak sarituz eta goraipatuz. Hitz batzuk ere eskaini zizkieten eta guztien txalo zarta jaso zuten. Ongi merezitako unea epaileentzat eta eskertzeko jokabidea Saizaharrek eduki zutena.  Bejondeiela!


Ondoren, hirugarren denboraren errepika eta abar izan ziren, topaketari sagardotegian eman baitzitzaion jarraipena.  Dagoeneko pentsatzen hasiak gara bi taldeon arteko hurrengo partida noiz izango dugun. 


2017(e)ko martxoaren 21(a), asteartea





Azeri Zaharren hurrengo hitzordua Martxoaren 25ean, arratsaldeko 5etan izango da, La Unica RT (SaiZaharrak) taldearen aurka.


Topaketaren hirugarren denbora Ladaren egingo dugu, eta gero  
sagardotegira.